Salaberria-Elizegik  euren  hautagaitza  aurkeztu  dute  Goñiren  Omenezko  hasiera  on  batean

Dena nahi bezala irten zen Goñiren Omenezkoaren lehen jardunaldian; jende ugari eta giro jatorra harmailetan eta binakako partida orekatu eta polit bat aurkezpen gisara non, Iker Salaberriak bere joko bolada bikaina erakutsi zuen.

Goizuetako aurrelariak eta Elizegik kiniela guztietan sartzen diren bikotea osatzen dute eta atzo gauza handiak egiteko hautagaitza aurkeztu zuten, Prieto-Uriondo bizkaitarrek ondo estutu zituzten lehia ikusgarri batean.

Gizaburuagako atzelaria izugarrizko garapena izaten ari da azkenaldian eta bera izan zen partidaren lehen erdiko protagonista, bi eskuekin pilota oso bizi astinduz eta bere pareko atzelariari bizkarra erakutsiz. Elizegiri kosta egin zitzaion pilotara egoki jartzea eta Prietok ere hasiera ona izan zuen eta lehia oso orekatua joan da hamabosnako berdinketara arte. Partidak aurrera egin ahala, Uriondoren txispa agortuz joan zen eta hortxe agertu zen Salaberria, partidari komeni zitzaion erritmoa jarri eta lehia bere aldera eramateko. Urdinek aurrelari nafarra jokoz kanpo izatea lortu zuten bitartean irabazteko aukerak izan zituzten, baina horretan trabatu zirenean garaipenerako aukerek ihes egin zieten.

Lehen partidan, promesa mailako lau eta erdikoan, Murua arrasatearrak uste baino errazago irabazi zion Osari (10-22) saketik hautsi zen lehian. Pilota ondo baztertutz, lehen pilotakadarekin 10 tanto lortu zituen aurrelari urdinak eta gainera, Osak falta bat ere egin zuen (1-3)koan, hau da, tantoen erdiak saketik egin zituen Muruak. Indarra dena ez dela erakusten duten partida horietakoa izan da lau eta erdikoa, berez, fisikoki ahulagoa ematen bazuen ere, Muruak une oro partida kontrolpean izan zuen eta. lau eta erdikoari neurriak oso ondo hartuak dituela erakutsi zuen eta aurkaria oso ondo mugitu zuen alderik alde, une oro deseroso senti araziz. Iaz finalerdietara sailkatu zen pilotariak izan zuen bere unea 7-9 gerturatu zenean, baina pilota bat goiko koltxoira bidali zuen eta hor amaitu ziren bere aukerak. Gainera, zozketako saskia ere Arrasate aldera joan zen, beraz, arratsalde perfektua Muruarentzat.

Emaitzak
Promesak, lau eta erdian
Osa 10
Murua 22
Eliteak, binaka
Salaberria-Elizegi 22
Prieto-Uriondo 16

Leave a comment