Salaberria-Elizegi eta Carregal eraginkorragoak izan ziren Goñiren Omenezkoaren finaletan

Salaberria-Elizegi eta Carregal eraginkorragoak izan ziren Goñiren Omenezkoaren finaletan

Dena nahieran irten zen Goñiren Omenezkoaren finaletan. Pilotalekua beteta, profesional ugari harmailetan eta final politak arrakastatsua izan den ekitaldi bati amaiera emateko. Azkenean Salaberria-Elizegi eta Carregalek eraman zituzten txapelak bi final orekatuetan eraginkorragoak izan zirelako. Nabarmentzekoa da Salaberria nafarrak bere hirugarren txapela duela honako hau Zumarragan 2016 lau eta erdikoa eta 2017 binakakoaren ostean.

Goizuetakoak eta Elizegik buelta eman zioten oso maldan gora jarri zitzaien partidari. Exposito-Bikuña aitaren batean 2-7 aurreratu ziren, batez ere atzelari donostiarrak bere eskuinarekin irekitako zuloei esker. Exposito ere bizi irten zen kantxara, baina berehala sartu ziren gorriak partidara eta lehia orekatu egin zen. Urdinek ideia garbi bat ekarri zuten Beloki pilotalekura, partida atzean haustearena, baina Elizegik oso ondo eutsi zion eta Salaberriak izandako aukera apurrak oso ondo aprobetxatu zituen. Partida hamarna berdindu zuten berehala gorriek eta hauen aurkariak desesperatu egin ziren tantoak lortzeko zulorik ikusten ez zuten heinean, huts gehitxo pilatzen hasi ziren eta hor joan zitzaizkien txapelak etxera eramateko aukerak. Azkenerako dozena bat huts pilatu zituzten bien artean, gehitxo halako bikote sendo bati aurre egiteko. Izan ere, Salaberria-Elizegik bikain egin zuten euren lana, atzelaria ondo eutsiz eta aurrelaria, aukera zuen bakoitzeko, tantoak pilatuz.

Promesen mailako lau eta erdikoan,  ofizioak eman zion Carregali ezinezkoa zirudien txapela. Bere pilotakaden indarrari esker, aurkaria txkitzen ari zen Larrazabal 11-2 aurreratu zen markagailuan eta Bizkaitarrak gainera bi falta egin zituen sakez. Hala ere, Amurriokoa izan zen hurrengo jokaldian bostaz atzera sakatu zuena eta partidatik irten zen arabarra. Ordura arte bere bolea bortitzari esker min izugarria egiten ari zen Larrazabal erabat erori zen bere jokoan. Lehen hurbilketa baten ostean (11-7), bizkaitarra lehen aldiz aurreratu zen markagailuan 15-16, jarraian lortutako bost tantotako bolada baten ostean.

Hortik aurrera markagailuan oreka nagusitu zen, baina une erabakigarrienetan Carregal askoz sendoago aritu zen. Larrazabalek oso gutxik jo dezaketen bolea batez jarri zuen 21-21ekoa markagailuan, baina hurrengo jokaldian ezkerrez egindako huts batek, partidako bederatzigarrena, txapelik gabe utzi zuen arabar gaztea.

Txapelketa herrikoiean, Cruz-Oliveiraren sasoiak ez zien aukerarik eman Urretabizkaia-Pueyori eta iazko txapelari eutsi ahal izan zioten

Utzi erantzuna