Ruiz  de  Larramendi  eta  Mata-Gascue,  ondo  landutako  finalistak

Saria ez zen edonolakoa eta Ruiz De Larramendik lau eta erdian eta Mata-Gascuek binaka, lan handia egin behar izan dute urriaren 16an jokatuko diren finaletan leku bat egin ahal izateko. Une askotan euren partidak lehenago amaituko zirela ematen zuen arren, azken uneraino sufritu behar izan dute Unai Alberdiri (22-19) eta Azketa-Aitor Elizegiri (22-18) irabazteko. Ez da halakorik gertatu, ordea, Txapelketa Herrikoiko partidan eta Oliveira-Cruzek, azken urteetako txapeldunek, erraz kanporatu dituzte Alberdi-Imaz (18-6). Pilotazaleek beste behin bikain erantzun dute eta, segurtasun neurri guztiak hartuta, 100dik gora izan dira Beloki pilotalekuko harmailetan.

Eliteen binakakoan, Mata-Gaskuek hasiera-hasieratik hartu dute markagailuaren aginte makila (4-0), baina ez dira, amaierara arte partida hausteko gai izan. Kosta egin zaie goierritarrei, batez ere atzelari zaldibiarrari, partidan sartzea, baina Matak jotako lau txapa eta zabaleko arrastora botatako beste pilota batek oreka itzuli du markagailura. Partidaren kontrola, hala ere, maila bikaina erakutsi duen Andoni Gascuerena izan da une oro. Larraintzarreko atzelariak partida borobila osatu du, oso seguru eta errebotean bi pilota ere jarriz. Hala ere, Beñat Azketa besaindarraren boleek ere jaso dituzte txalo zaparrada handiak, bi paretaz lortutako 18-15ekoan bereziki. Anekdotarik ere izan da, 8-6koan jotako bolea horren izan da bortitza, eskuin eskuko takoren batek ere ihes egin diola.
Piloteoaren ekimena ia beti gorria izan den arren, urdinek eutsi egin diote partidari eta Aitor Elizegiren txakalaldi bat behar izan dute garaipena ziurtatzeko.

Promesen lau eta erdiko torneoan, Ruiz de Larramendi lazkaotarra da Goñiren Omenezkoaren lehen finalista, partida oso lehiatu batean Alberdiri 22-19 irabazi ostean. Gorabehera handiko partida izan da kaiolakoa, bi pilotariek boladaka jokatutakoa. Bere hasiera esplosiboari esker, goierritarra aurreratu da lehenengo (6-2), pilotari eman dion abiadura biziari esker. Alberdik, ordea, partidari eutsi ahal izan dio eta, bere ezker bikainarekin, partida orekatzea bakarrik ez, aurretik jartzea ere lortu du, 10-11, sakez lortutako sake bati esker.
Partida erabat aldatua zen ordurako eta oso kolore urdina hartu du azpeitiarra 13-18 aurreratu denean. Ruiz de Larramendik partidatik kanpo zirudien, baina indarrak atera eta sakearekin min handia eginez, ezinezkoa zirudien garaipena lortu du, 9-1eko partzial batekin.

Leave a comment