Pilota txapelketa herrikoia ere enpresa batek antolatuko du

Pilota txapelketa herrikoia ere enpresa batek antolatuko du

Alor guztietako elkarteetan boluntarioak falta dira. Hala, geroz eta arruntagoa da lehen boluntarioek egiten zituzten lanak enpresek egitea. Zumarragako Beloki pilota elkartean ere hori gertatu da. Ikasturte honetan pilota eskola Lazkaoko Ordu Guztietan enpresak hartu du bere gain eta txapelketa herrikoia eta Goñiren oroimenezkoa sortu berri den Kirolzale enpresak antolatuko ditu.

Kirolzale eta txapelketa herrikoia atzo aurkeztu zituzten, Zelai Arizti aretoan. Enpresa Iñigo Vianak sortu du. «Proiektu berri bat sortu dugu kirol ekitaldiak antolatzeko. Aurrerantzean, Beloki elkarteak bi adar edukiko ditu: pilota eskolaz Ordu Guztietan enpresa arduratuko da eta txapelketa herrikoiaz eta Goñiren oroimenezkoaz Kirolzale enpresa. Bi txapelketa horiek antolatzeko Asier Intsaustiren laguntza izango dut. Biok Beloki pilota elkarteko kideak izan ginen, baina dagoeneko ez gaude klubaren barruan», aipatu zuen Vianak.

Bi zumarragar hauek urteak daramatzate Goñiren oroimenezkoa eta txapelketa herrikoia antolatzen eta Vianak enpresa bat eratzea erabaki du. «Nire esperientzia baliatuz, beste talde batzuentzat lan egingo dut. Nire burua beste edozein kirol ekitaldi antolatzeko gai ikusten dut. Izan ere, ondo dakit kirol ekitaldi bat antolatzea zer den eta zein azpiegitura behar diren». Dagoeneko webgune bat du (kirolzale.eus) eta hiru sare sozialetan dago: Instagram, Facebook eta Twitter.

Biak Beloki kirol elkartearen zuzendaritzako kideak izan ziren. «Udaberrian komunikabideetan agerraldia egin genuen, zuzendaritza eta pilota eskola utzi behar genituela ezagutzera emateko. Lekukoa ez zuen inork hartu eta pilota eskola Ordu Guztietan enpresaren esku utzi zuten. Guk, berriz, bi txapelketak antolatuko ditugu».

Txapelketa herrikoia atzo aurkeztu zuten. Lehiaketa honetan 16 urtetik gorako urretxuar eta zumarragar guztiek parte har dezakete. Izena emateko epea gaur bertan ireki dute. Bikote bakoitzak 30 euro ordaindu behar du eta antolakuntzak kamiseta bana emango die. Kirolzale enpresaren webgunean eman behar da izena. Edo bestela, kalean jarri dituzten karteletako QR-aren bitartez.

Bikote bakoitzak pasahitz bat izango du eta pasahitz horrekin sailkapena eta egutegia ikusi ahal izango ditu webgunean.

Viana eta Intsausti gustura ageri dira txapelketa herrikoiarekin. «Aurtengoa bosgarren edizioa izango da. Urtero 20 bat bikotek ematen dute izena. Lehenengo partidak urtarrilaren 13an jokatuko dira. Final laurdenak arte, norgehiagokak larunbatetan jokatuko dira. Finalerdiak eta finala Goñi txapelketarekin batera jokatuko dira, asteazkenetan», amaitu zuten.

Utzi erantzuna