Oso emaitza eta partida desberdinak Alberditarrentzat Goñiren Omenezkoaren final laurdenetako azken jardunaldian

Oso emaitza eta partida desberdinak Alberditarrentzat Goñiren Omenezkoaren final laurdenetako azken jardunaldian

Oso partida eta emaitza desberdinak bildu zituzten Unai eta Julen Alberdik  Goñiren Omenzkoaren datorren asteazkenean hasiko diren finalerdiak erabakitzeko jokatutako azken jardunaldian. Azpeitiarrak 22-20 irabazi zion Agirreamalloari oso partida ederrean eta Carregal izango du arerio hurrengo kanporaketan. Andoaindarrak, aldiz, Alduntzin lagun, ezer gutxi egin ahal izan zuen Zubizarreta-Bikuñaren aurka eta gipuzkoarren Ioritz Egiguren-Sarasaren aurka jokatuko dute finalerako txartel baten bila.

iaz kaiolan promesetan egindako erakustaldien ondoren, bazen Julen Alberdi maila bat gorago ikusteko gogorik Belokiko harmailetan eta egia esan partidako lehen txanpan bere ausardiaren eta kalitatearen zenbait detaile utzi zituen, parean Zubizarreta izanagatik. 6-5ekora arte Gaztelekuko pilotariak lehia orekatua izatea lortu zuen, baina hortik aurrera Bikuñaren eskuin indartsuak partidaren gidoia goitik behera aldatu zuen. Tanto batzuk behar izan zituen donostiarrak kantxara egokitzeko, baina behin jokoan sartu zenean, Alduntzin erabat dominatu zuen eta Iraitz Zubizarretari zulo handiak ireki zizkion. Dena alde zuela, ataundarrak erasorako dituen dohainak erakutsi zituen (1 tanto egin zituen jokoan) eta partida erabat hautsi zuten 16-0eko partzial batekin (6-21). Gorriak saiatu ziren baina markagailua apur bat txukuntzearekin konformatu behar izan zuten arerioek erakutsitako joko sendoaren aurrean.

Promesen lau eta erdikoan, Unai Alberdi eta Josu Agirreamalloak jokatutako partida, ziurrenik txapelketako onena izan da, markagailuan gorabehera handikoa tentsioa azken uneraino mantenduz eta biek ere gauza polit asko erakutsiz. Edonork irabaz zezakeen partidan, Ilunpeko pilotaria nagusitu da azken tantoak errenkadan lortuz. Hala ere, Agirreamalloa markinarra izan da markagailuan lehen tarte handia lortu duena 3-9 aurreratuz. Azpeitiarra, ordea, ez da kikildu eta lanean jarraitzeak saria izandu. Bakoitzak bere materialarekin eta sake-errematearekin min handia egin dio aurkaria eta partida 15era berdindu ostean heldu dira partidako tantorik onenak, alde batera zein bestera. hala ere, markinarrak erabakigarria izan zitekeen aldea lortu 17-20 aurreratu denean, baina ez da nahikoa izan. Txokoan egindako dejada bikain batez sakea berreskuratu du Alberdik eta zuzenean joan da 22. kartoira, finalerdietarako txartela lortuz.

Emaitzak/ Resultados

Pilota eskola:

Arrizabalaga-Agreda  18 / Zabaleta-Manrike 7

Promesak lau eta erdian:

Alberdi 22 / Agirreamalloa 20

Eliteak binaka:

Julen Alberdi-Alduntzin 10 / Zubizarreta-Bikuña 22

Utzi erantzuna