Mata-Gaskuek laster aurkeztu dute euren hautagaitza

Mata-Gaskuek laster aurkeztu dute euren hautagaitza

Goñi Memoriala hasi besterik ez da egin, baina lehen jardunaldiak askok lehendik ere bazekitena baieztatu besterik ez zuen egin, Mata-Gaskuek oso kontuan hartu beharreko bikotea osatzen dutela, alegia. Julen Alberdi-Mariezkurrena I.ari 11-22 irabazi zioten eta zaleek erantzun bikaina eman zioten txapelketa bateko lehen finalerdietan dira. Sarrera eta giro polita egon zen Beloki pilotalekuan, pilota gosea zegoenaren seinale.

Binakako elitearenlehen partidak ikusmina sortu zuen debuterako bildutako izenengatik, baina emozio pixka bat gehiago faltan bota izan zen, nafar bikotea oso nagusi agertu baitzen kantxa gainean. Mata eta Gaskue, beharbada, ez dira distira liluragarriko bikote bat, baina, bai oso eraginkorrak, aurkarien indarrak xahutzen dituzten horietakoak eta Julen Alberdi eta Iker Mariezkurrena erabat kamustu zituzten. Partida orekatuta hasi zen Julen Alberdik bi pareta polit baten bidez lortutako 5-6kora arte, baina hortik aurrera Mata-Gaskuek 0-7ko partzialarekin hautsi zuten norgehiagoka. Larraintzarreko atzelariak zuloak ireki zituen bere eskuin indartsuarekin, eta Oberenako aurrelaria ere Julen Alberdi baino gehiago izan zen aurreko koadroetan, bere pilotakaden abiadurak erabat gainditu zuten eta. Atzean, Iker Mariezkurrenak ere akats gehitxo egin zituen eta urdinek garaipen sendoa lortu zuten.

Txapelketa azken orduko ezusteko batekin hasi zen, astearte gauean Hormaetxek entrenatzen zela min hartu eta Zumarragara etortzerik izan ez zuelako. Antolatzaileek azkar ibili behar izan zuten ordezko baten bila eta esan beharra dago asmatu zutela, Ruiz de Larramendi deitu eta lazkaotarrak maila bikaina eman baitzuen. Kolpez fresko eta errematean emankor, ondo garaitu zuen (16-22) kantxan eroso egoterik izan ez zuen Olaetxea nafarra. Partida orekatua hasi zen 9-11kora arte. Hortik aurrera, ordea, goierritarrak alde egin zuen markagailuan, bereziki sakean min handia eginda. Lau tanto egin zituen segidan lehen pilotakadarekin eta  9-17 egin zuen ihes markagailuan. Saiatu zen unanuarra partida orekatzen, baina zorte handirik ere ez zuen izan, unerik txarrenetan huts batzuk batu baitzituen, esaterako zabalera ihes egin zioten bi gantxotan edo 14-19 gerturatu zenean sakean egindako faltarekin.

Utzi erantzuna