Larunbat honetan jokatuko da Zarauzko Triatloiaren 33. edizioa

Larunbat honetan jokatuko da Zarauzko Triatloiaren 33. edizioa

● Getariako Malkorbe hondartzan emango zaio hasiera triatloiari:
15:00etan emakumezkoak irtengo dira eta 15:10etan gizonezkoak
● 700 parte hartzaileetatik 90 emakumezkoak izango dira, iaz baino
32 gehiago
● Parte hartzaile azpimarragarriak: Gustavo Rodríguez, Eneko
Llanos, Francesc Godoy eta Timothy Van Houtem / Judith
Corachán, Helene Alberdi, Anna Noguera eta Emma Bilham

Larunbat honetan, ekainak 8, Zarauzko Triatloiaren 33. edizioa egingo da arratsaldeko hiruretatik aurrera. Gaur goizean, antolakuntzak prentsaurrekoa egin du Zarauzko malekoian, aurtengo probaren inguruko xehetasunak emateko. Agerraldian izan dira Gorka Silvan (Zarauzko Triatloi Elkarteko presidentea), Eneko Llanos (Zarauzko Triatloia 11 aldiz irabazi duen parte hartzailea), Helene Alberdi (iazko edizioan 2.postuan sailkatu zen parte hartzailea) eta Xabier Txurruka (Zarauzko Alkatea).
– Zirkuitua: 2,9 km igerian, 81km bizikletaz eta 20km korrika. Triatloiaren ibilbideak paisaia eta
txoko zoragarriak zeharkatzen ditu. Aurten, gainera, bizikleta sektorerako kostaldeko
errepidea berreskuratu da, eta parte hartzailek handik egingo dute Zumaiatik Zarautza
itzulia.
– Aitzindaria: 1987an egin zen lehenengo Zarauzko Triatloia. Estatu mailan antolatutako
lehenetarikoa da.
– Herrikoia: 300 taldeko boluntario taldeari esker, Zarauzko Triatloia kalitate goreneko kirol
froga da ikusle zein parte hartzaileentzat.
– Euskalduna: Euskara da Zarauzko Triatloiaren hizkuntza nagusia. Antolatzaileen artean
euskara da nagusi, eta komunikazioa elebitan egiten bada ere, euskararen erabilera
lehenesten da.

Punta-puntako triatletez gozatzeko aukera

Aurten ere, triatleta profesionalen presentzia bermatzeko lan egin du antolakuntzak, Zarauzko
Triatloiak maila goreneko proba izaten segi dezan. Hori posible izateko, izen emate prozesuan
moldaketak egin ziren. Dena den, izen handiez gain, triatloiak edonori eskaintzen dio parte hartzeko aukera, eta hori horrela izan dadin, 700 dortsaletatik 600 zozketa bidez erabakitzen dira. Aurtengo edizioko zozketan 376 zenbakia izan zen saritua, eta hortik aurrerako 599 zenbakiek Zarauzko Triatloian izena emateko aukera eskuratu zuten.
Zarauzko Triatloiaren 2019ko edizioan profesionalek eta maila altuko triatletek parte hartuko dute.
Hauek dira izen esanguratsuenak:
– Emakumezkoak: Judith Corachán, Helene, Alberdi, Anna Noguera, Dolca Ollé, Ruth Brito,
Emma Bilham, Camille Deligny
– Gizonezkoak: Gustavo Rodríguez, Eneko Llanos, Francesc Godoy, Joan Ruvireta, Cristóbal
Dios, Nan Oliveras, Timothy Can Houtem, Julen D Díez, Ander Okamika, Amaury Dehez, Adriá
Muñoz, Pello Osoro, Aimar Agirresarobe

90 emakumezko aurtengo edizioan

Iazko udazkenean 2.800 lagunek egin zuten Zarauzko Triatloian parte hartzeko aurretiazko
izen-ematea, aurreko edizioan baino %40 gehiago. Datu hori esanguratsua da, argi erakusten
duelako Estatu osoko parte hartzaileentzat Zarauzko Triatloiak dituen prestigioa eta garrantzia.
Parte hartzaileen datuei dagokionez, 33. edizioan inoiz baino emakumezko gehiago izango dira: 90 emakumek egingo dute aurten Zarauzko Triatloia, eta iaz 58 izan ziren. “Datu horren igoerak
garrantzia berezia du guretzat, ilusio handia egiten digu gure triatloian gero eta emakume gehiago ikusteak. Kopuruaz gain, azpimarratzekoa da haien maila ere, urtez urte nabarmen hobetzen doalako”, adierazi du Silvanek.

Sariak Zarauzko Triatloiaren 33. edizioan ondorengo sariak banatuko dira (kopuru berdinak gizon eta
emakumeentzat):
– 1.postua: 5.000 euro
– 2. postua: 2.000 euro
– 3. postua: 1.000 euro
– 4. postua: 500 euro
– 5. postua: 300 euro

Jarduera osagarriak: azoka, profesionalen solasaldia, Triatleten afaria eta Triatloi txikia
Zarauzko Triatloia larunbat arratsaldean jokatuko den arren, ostiral arratsaldetik aurrera
mugimendua atzemango da herrian. Ostiral arratsaldean bertan, Zinema Pilotalekuan zabalik egongo da triatloian espezializatuak dauden marken azoka, 17:00 – 20:00 artean. Larunbat goizean ere bai; arratsaldean, azoka Lege Zaharren Enparantzara mugituko dute, helmuga ingurura.
Ostiral arratsaldean, triatleta profesionalen arteko solasaldiaz gozatzeko aukera izango da Antoniano Ikastetxean 20:30ean.
Larunbat iluntzean, urtero bezala, Triatleten afaria ospatuko dute Zinema Pilotalekuan 21:30ean hasita, eguna festa giroan bukatzeko.
Iganderako, antolakuntzak Triatloi Txikiaren beste edizio bat antolatu du. Gaztetxoen proba
11:00etan hasiko da, eta parte hartu nahi dutenek momentuan eman beharko dute izena.
Distantziak:
– Benjaminak: 100 metro igerian, 800 metro bizikletaz eta 300 metro korrika.
– Alebinak: 150 metro igerian, 1.600 bizikletaz eta 500 metro korrika.
– Infantilak-kadeteak: 250 igerian, 2.400 bizikletaz eta 700 metro korrika.

Zarauzko Triatloiaz gozatzeko gonbita

Gorka Silvanek Zarauzko Triatloiaz gozatzera hurbiltzeko gonbita egin die Euskal Herriko zale guztiei.
Bere hitzetan, “goizetik hasita giro bikaina izaten da herrian, eta triatloia oso era berezian bizitzen da Zarautzen”. Zarauzko Triatloia kirol froga bat baino askoz ere gehiago dela nabarmendu du, ikusle eta parte hartzaileentzat ahaztezina izan ohi den esperientzia.
Hurbiltzekotan, garraio publikoa erabiltzeko gonbita ere egin die Silvanek, frogan zehar herri
inguruan trafiko mozketak izaten direlako, eta uda garaia izanik, Zarautzen auto asko pilatzen delako.
Prentsaurrekoa bukatzeko, Silvanek eskerrak eman dizkie Zarauzko Triatloia posible egiten duten boluntarioei, babesleei eta kolaboratzaile guztiei: “Zarauzko herriari eta herritarrei ere bai, urtez urte Zarauzko Triatloiarekiko erakusten duten jarrera apartagatik eta proba berezi egiten laguntzeagatik”, gehitu du.

Utzi erantzuna