Larrazabalek  distira  jarri  zuen,  Elola-Balerdik  fedea

Jende asko eta giro polita Zumarragako Beloki pilotalekuan Goñiren Omenezkoaren bigarren jardunaldian. Jardunaldiak bi partida oso desberdin eskaini zizkigun, lau eta erdikoan , promesen mailan, Larrazabalek distira handia erakutsi zuen eta erraz nagusitu zen eta binakakoan, aldiz, Elola-Balerdik latz sufritu behar izan zuten askoz partida orekatu eta luzean.

Izan ere, Egiguren-Otaduy 19-21 aurretik zirela, Iñaki Elolaren bi sake-errematerekin buelta eman zioten ia ezinezkoa jarri zitzaien partidari. Partida guztian errepikatu zen zerbait izan zen hori, bikote batak zein besteak alde nabarmenak izan baitzituzten hutsek baldintzatutako neurketan. Nagusiki, bikote gipuzkoarrak gehiago egin zuen –egin eta galdu– orotara 14 huts batu baitzituzten Bidegoiangoak eta antzuolarrak, baina urdinen artean Egigurenek ere ez zuen batere egun ona izan erasoan eta beste 8 kale egin zituen. Denetan erregularrena Otaduy izan zen, hutsik egin gabe.

Indartsuago ekin zioten Egiguren-Otaduyk partidari eta neurketak kolore oso urdina hartu zuen 1-5 aurreratu zirenean, baina ez zen halakorik izan. Berehala erantzun zuten gorriek, Elolak aurrean erantzukizunak hartuz eta Balerdik detaile politak utziz, esaterako 7-5ekoan boleaz lortu zuen bi paretakoarekin. Edozeinek irabazi ahal izan zuen partida bat izan zen, baina amaieran Elola-Balerdik lortu zuten finalerdietarako txartela.

Promesetako partidan, lau eta erdiaren barruan, Iker Larrazabalek etorkizun oparoa duela berretsi zuen eta sekulako erakustaldia eman zuen ezer gutxi egin ahal izan zuen Telletxearen aurrean. Lehen sakearekin hartu zuen partidaren aginte-makila amurrioarrak eta ez zuen une bakar batez ere utzi. Arabarrak bolea oso bortitza duela erakutsi zuen, baina ezkerrez ere oso ondo markatu zuen gantxoa eta horrela, sake-errematearen bidez, berehala hautsi zuen partida. Bere akats handi bakarra 21-5ekoan egin zuen sake falta izan zen, nafarrari markagailua txukuntzeko aukera eman ziona. Hein handi batean, Larrazabalek ezker hatz batean kolpe bat jaso zuelako, baina Telletxearen ahaleginak 22-11koan amaitu ziren.

Leave a comment