Larrazabal eta Salaberria-Elizegi nagusitasun osoz sailkatu dira finalera

Larrazabal eta Salaberria-Elizegi nagusitasun osoz sailkatu dira finalera

Beloki pilotalekuko harmailetara gerturatu diren pilotazale ugariek emozio eta tentsio apur bat gehiago bota dute faltan finalerdietako lehen jardunaldian. Izan ere, Larrazabalek promesen lau eta erdian eta Salaberria-Elizegik nagusitasun osoz eraman baitituzte finalerako txartelak, aurkariak baino askoz hobeak izanda.

Eliteen partidan, Salaberria-Elizegik ez dute barruan zuten guztia atera beharrik izan Elola-Balerdik, batez ere defentsan, emandako erraztasunei esker partida oso azkar hautsi baitzuten 9-0eko partizal batekin. Eta hori Bidegoianeko aurrelariak egin duela partidako lehen tantoa txokoan utzitako dejada zoragarri baten bidez. Hala ere, atzean Elizegi bere egunik izan ez zuen Balerdiri nagusitzen joan zitzaion eta Salaberriak bere atzelariak emandako aukera guztiak baliatu zituen. gainera, debuteko partidan bezala, bikote gipuzkoarrak huts gehitxo pilatu zituen eta konturatzerako partidak ihes egin zien eskuetatik. Erasoan arriskuak hartuz eta, Elolak lortu zuen markagailua zertxobait txukuntzea, baina gorrien garaipena ez zen inoiz zalantzan egon.

Promesen mailako lau eta erdian, Larrazabalek finalerdietan Telletxearen aurka utzitako itxura ona berretsi zuen eta emaitza berarekin, 22-11, finalerako txartela eskuratu zuen Muruari irabazita. Amurrioko aurrelariak oso eskuin eta bolea bortitzaren jabe dela erakutsi zuen eta Murua erabat dominatuta izan zuen, gauzak, gainera oso zuzen eginda. Gainera Arrasatekoak Osaren aurka sakean arma garrantzitsu bat izan bazuen, atzo bera izan zen lehen pilotakada erantzuten asko sufritu zuena, bakoitzak bi falta egin zituen partida batean. 8-0 eko partzial batekin, Larrazabalek hasiera-hasieratik hartu zuen partidaren aginte makila eta, 9-7koan Murua bi tantora gerturatu zen arren, arabarrak segituan ireki zuen zuloa berriro.

Jaialdia ireki duen VI. Txapelketa Herrikoieko finalerdia ere ildo beretik joan da eta Oliveira-Cruzek finalerako txartela oso erraz lortu dute, Urzelai-Babarro iazko azpitxapeldunei 18-2 irabazita.

Utzi erantzuna