Indarberrituta  eta  segurtasun  berme  guztiekin  berrekingo  zaio  Goñiren  Omenezkoari

Itxaronaldia luze egin da, baina Beloki pilotalekuari ere heldu zaio ateak irekitzeko garaia. Bere garaian, martxo hasieran, Goñi Memoriala izan zen, arduraz eta erantzunkizunez, bere txapelketa bertan behera uzten lehenetakoa eta orain, espiritu berarekin, elkarrekin egin dugun bide honetan atzera pausurik eman ez dezagun, segurtasun berme guztiak zorrotz beteta, Zumarragako txapelketak egutegian aurrera egingo du. Erakunde deseberdinekin adostutako protokoloak jarraituz, pilotzaleek sarrera erosi behar izango dute –3 eurotan eta saskian parte hartzeko aukerarekin–, pilotalekura sartu aurretik tenperatura hartuko zaie eta harmailetan segurtasun tarteak errespetatu beharko dituzte.

Kirol alorrari dagokionean, lehen mailako partidak izango ditugu, bai promesen mailako lau eta erdikoan eta baita eliteen binakakoan. Kaiolan Beñat Senar ataundarrak eta Javi Oskoz nafarrak elkarren aurka jokatuko dute finalerdietan leku bat egitearren. Aurrelari gipuzkoarra ahalemen fisiko handiko aurrelaria da, aireko joko bizia egiten saiatzen dena. Lantzeko Oskoz, bere aldetik, oso pilotaria da, bi esku oso onak ditu eta oso aurrelari konpletoa da.

Eliteen binakakoan azken orduko aldaketa bat izan da, Elizegik, eskuko minekin, ezingo izango baitu jokatu. Antolatzaileek berme osoko ordezko bat aurkitu ahal izan dute, Sarasa, eta oso partida orekatua geratu da; Eneko Labaka-Sarasa / Murua-Arbizuren aurka. Ezer gutxi esan daiteke Albizturreko aurrelariari buruz, afizionatu mailako erreferentzietako bat delako. Hori bai, gutxi dira maila honetan irabazteke geratzen zaizkion txapelak, baina horietako bat da Goñiren Omenezkoa. Helburu horretarako, oso lagun egokia izango du Eltzaburuko Joseba Sarasa oso atzelari sendoa delako. Profesionaletara jauzia ematekotan egon den atzelaria da nafarra eta ofizio askoko bikotea osatuko du Eneko Labakarekin.

Parean oso bestelako bikote oso gazte bat izango dute, Ander Murua arrasatearrak eta Aaron Arbizu etxarriarrak osatzen dutena. Hala ere, elkar ondo ezagutzen dute eta zenbait txapelketetan elkarrekin arituak dira, esaterako urtarrilean Tafallan, non txapela ere eskuratu zuten. Urtea oso ondo hasi zuten bi pilotari dira Murua eta Arbizu, geldialdiaren aurrean nabarmen gora egin zutenak eta ikusteke dago bide horri eusteko gai diren.

Jaialdia, goi mailako kadeteen arteko partida batekin hasiko da Ituarte-Garcia /Zubizarreta-Telleriaren aurka.LAPKEko gazte hauek ikuskizuna emateko asmoarekin datoz Zumarragara.

Leave a comment