Goñiren Omenezkoak finalak definituko ditu, Exposito Zubizarretaren ordez ariko delarik

Goñiren Omenezkoak finalak definituko ditu, Exposito Zubizarretaren ordez ariko delarik

Intentsitateak igotzen jarraitzen du bere XXVIII. edizioaren finalak zeintzuk jokatuko dituzten pilotariak erabakiko dituen Goñiren Omenezkoan. Gainera, azken orduko aldaketekin dator, Iraitz Zubizarretak ezin izango du Zumarragan egon eskuko  min baten erruz eta antolakuntzak berme osoko ordezko bat aurkitu du, Hodei Exposito. Astigarragakoa Asperekin aurre kontratua sinatua duen aurrelari errematatzailea da, aurkariei sake-errematearekin mina egite gustuko duena, gantxoa oso ondo menderatzen du eta. Bikuña donostiarrarekin bikote oso orekatu bat osatuko du, bere eskuinarekin zulo handiak irekitzeko gai dena.

Parean Ioritz Egiguren-Sarasa izango dituzte, oso bestelako bikotea, izan ere, kasu honetan aurrelaria da bere eskuin bortitzarekin min handia egiten duena eta Sarasak ofizioa eta defentsa jarriko ditu. Ikusi egin beharko da, hortaz, nor den partida bere erritmora eramateko gai dena.

Promesen mailan, lau eta erdiaren barruan, Carregal eta Alberdik neurtuko dituzte indarrak. Azpeitiarrak Agirreamalloa kanporatu zuen, ziurrenik orain arteko txapelketako partidarik onenean, kalitatez eta emozioz beterikoa. Alberdik oso lehiakorra eta kaiolan ondo moldatzen dela erakutsi zuen. Carregali ere ez zitzaion erraza egin 2018ko azpi txapeldun Ruiz de Larramendi gainditzea defentsak erasoen gainetik egon ziren partidan. Galdakaokoak sendotasun gehiago erakutsi zuen.

Jaialdia VI Txapelketa Herrikoieko finalerdiarekin irekiko da. Ofizio askoko bi bikote arituko dira elkarren aurka Urretabizkaia-Pueyo eta Aleman-Baez. Gogoratu behar da era berean, Belokin bertan eskuragai egongo direla hilaren 17ko finalerako txartelak, 5€ tako prezioan. Txartelak Zumarragako Txoko, Haizea eta Galilea tabernetan egongo dira eskuragai, Urretxuko Buhame, Krak eta Fox-en eta kirolzaleren telefono zenbakian 687639551.

Utzi erantzuna