Goñiren Omenezkoak bere lehen finalistak ezagutuko ditu

Goñiren Omenezkoak bere lehen finalistak ezagutuko ditu

Goñiren Omenezkoa bere unerik garrantzitsuenean sartzen ari da eta asteazken honetan bere lehen finalisten izenak ezagutuko ditu xarma handiko jaialdi batean. Berritasun bezala, aste honetako jaialdiari urtarrilaren 26tik jokatzen ari den VI. Txapelketa Herrikoieko finalerdiak emango dio hasiera. Bi aldiz txapeldun izan diren Cruz-Oliveirak beste bikote indartsu bat izango dute parean, iazko azpitxapeldun diren Urcelai-Babarro. Esan baita ere jaialdia arinagoa suerta dadin, denbora gutxiago galduz, antolakuntzak saskian egongo diren pilotei zenbakiak jartzea erabaki duela. Gauzak horrela, pilotariek partida hasi aurretik pilotak probatu ahal izango dituzte, ez ordea behin partida hasi eta gero.

Binakako eliteen partidan, Salaberria-Elizegi Elola-Balerdiren aurka arituko dira lehenengoak faborito agertzen diren finalerdian, batez ere lehen jardunaldian erakutsitako maila bikainari esker. Eta hori Prieto-Uriondok ez zizkietela gauzak batere erraz ipini, gehienbat hamabosnako berdinketara arte. Hori bai, une erabakigarrietan joko bolada izugarrian den Salaberriak partida bere aldera eraman zuen. Elola-Balerdik, euren aldetik, izugarri sufritu zuten Egiguren-Otaduy 19-21 aurreratu ziren partidari buelta emateko. Atzelarien arteko lehia funtsezkoa izango da eta berriz ere harmailaren laguntza izango duen Balerdik, Zumarragakoa du aita, Elizegiren potentziari aurre egin beharko dio. Izan ere, Antzuolakoak ondo daki aurrean pilota errazak utziz gero, Goizuetako aurrelariak ez duela barkatzen. Bikote gipuzkoarrak ere ondo daki lehen partidako huts kopurua murriztu beharko duela finalean egon nahi badu.

Promesen lau eta erdikoan, Murua arrasatearra Larrazabal arabarraren aurka arituko da, txapelketa honetan itxurarik onenetakoa eman duen pilotaria. Amurriokoak min handia egin zion Telletxeari bere bolea eta eskuin indartsuarekin Telletxeari. Murua ere oso eraginkor aritu zen gorputzez bera baino indartsuagoa zirudien Osaren aurrean. Sakez tanto piloa lortu zituen Muruak eta kaiolan oso ondo moldatzen dela erakutsi zuen.

Utzi erantzuna