Goñiren Omenezkoak bere finalerdiak osatuko ditu

Goñiren Omenezkoak bere finalerdiak osatuko ditu

Itzulerako zalantza guztiak alboratuta, Goñiren Omenezko txapelketa ari da bere ohiko abiadura hartzen eta asteazken honetan bere finalerdiak erabakita geratuko dira, 18:30-etan Zumarragako Beloki Pilotalekuan.

Goñiren Omenzkoari dagokionez, promesen lau eta erdiko partidak aurretiaz oso itxura ona dauka, Gutierrez errioxarra eta Aitor Altuna Tolosarra oso ondo moldatzen baitira kaiolara. Logroñoko San Cosme klubean aritzen den Gutierrezek sekulako urtea zeraman Zumaia, Lezo, Lodosa eta Tolosako txapelak jantzita  –GRABNI eta Mallabian azpitxapeldun izan zen– eta ikusi egin beharko da geldialdiak zenbaiterainoko kaltea egin dion. Jokin Altunaren lehengusua den Aitor Altuna urtebete gazteagoa da, 17 urte ditu, baina espezialista handia da kaiolan, ez baitu alperrik Gipuzkoako txapelketa azken bi urteetan irabazi. Partidei erritmoa jarri zalea da tolosarra eta hor egongo da partidako giltzetako bat, bere erritmoa jartzen duenak asko izango du irabazia.

Binakako eliteen partida azken orduko aldaketa batekin dator, Iruritak ezin izango baitu Zumarragan egon, eskuko arazoekin dabil eta. Bere ordez Jorge Altuzara Ezcaraitarra izango da Expositoren atzelaria Elola-Aldaveren aurka. Exposito eta Altuzarrak oso bikote erasokorra osatzen dute, Astigarragako aurrelariak indar handia ematen dio pilotari bere eskuinarekin eta eta atzelari errioxarrak oso bolea bortitz eta ikusgarria dauka. Pareko bikotea ere ez da nolanahikoa, Elola bidaniarraren eskuina ere ez da atzean geratzen eta gainera joko puntu oso onean iristen da Zumarragara orain aste pare bat Antiguoko txapela jantzita. Atzean esperientzia handiko Joseba Aldave igantziarra izango, oso pilotari segurua eta aurrelariei pilota errazik apenas uzten duen horietakoa.

Utzi erantzuna