Goñiren omenezkoa oso indartsu hasiko da

Goñiren omenezkoa oso indartsu hasiko da

Goi mailako txapelketa bat izanda, Goñi Memorialean ez dago berotzen joateko astirik eta sekulako jaialdi batek emango dio hasiera XXIX. ekitaldi honi asteazken honetan. Egunen batean profesionaletan aritu daitezkeen pilotariak bertatik bertara ikusteko aukera izaten da Zumarragako txapelketa honen erakargarrietako bat eta, alde horretatik, betet-beteko jaialdia izango dugu lehena, batez ere elite mailako binakakoan.

Pilota menua, ordea, arratsaldeko 18.30etan hasiko da Beloki pilota eskolako umeen partida batekin. Bertan arituko direnak Ledo-Leunda eta Núñez-Viacheslavovich izango dira. Ohi bezala, sarrera debalde izango da.

Txapelketari hasiera emateko ohorea, ordea Josu Olaetxea unanuetarrak eta Oier Hormaetxe lezamarrak izango dute, promesen mailako lau eta erdikoan. Irurtzungo klubean jokatzen duen 19 urteko nafarrak sekulako jauzia eman du azken hilabeteetan, gorputza asko zaildu du eta pilota indarrez astintzen du. Urrutira joan gabe, orain aste gutxi, Belokin bertan jokatzen den Kluben arteko Nazionalean Eneko Labaka bezalako pilota handi bat gainditu zuen kaiolan bertan eta hori ez du edonork lortzen.

Parean bi urte gazteagoa den Oier Hormaetxe bizkaitarra izango du. Bizkaitarra oso bestelako pilotaria da, oso bihurria aurreko koadroetan eta moralez gainezka helduko da Zumarragara, igandean bertan Tolosako Soroa Memorialeko txapela jantzita jubenil mailan. Sudupe lagun zuela, han ere indar gehiagoko pilotarien aurka aritu behar izan zuen, Lizeaga anaien aurka hain zuzen ere, baina maila bikaina erakutsita partida bere jokora eraman ahal izan zuen. Gauzak, horrela, partida bikaina ikusteko moduan izan gaitezke.

Eta zer esan binakako partidaz. Julen Alberdi-Iker Mariezkurrena I Mata-Gakueren aurka. Izenek soilik ia dena esaten dute. Lehenengo biek iaz jokatu behar zuten elkarrekin, baina Berriozarrekoak ezin izan zuen azken unean Goñiren omenezkoan parte hartu eta pilotazaleak bi gazte hauek elkarrekin ikusteko gogoz geratu zirenez, aurten berriro ere elkarrekin jarri ditu antolakuntzak. Gauzak ondo, elkarrekin oso ondo molda daitezkeen pilotariak, izan ere, Mariezkurrena zulo handiak irekitzeko gai da bere azken distiratsuarekin eta Zizurkilekoa oso pilotari egokia izan daiteke aukera horiek baliatzeko. Duela bi urte promesen mailan Goñiren omenezkoan bertan emandako erakustaldien ondoren, pilotari maitea da oso Alberdi Zumarragan.

Kontua da, parean izango duten bikotea ere ez dela edonolakoa. Izan ere, Unai Mata iruindarra aspalditik ari da profesionaletarako jauzia emateko ateak jotzen. Pilotari oso konpleto eta serioa da Oberenakoa, berari irabaztea asko kostatzen den horietakoa eta atzean afizionatu mailako eskuinik indartsuenetakoaren jabe den Andoni Gaskue izango du. Larraintzarrekoa ere debuta egiteko daudenen artean maiz aipatzen den pilotaria da eta bere eskuina eta Mariezkurrernaren ezkerraren arteko lehia oso ikusgarria suerta daiteke.

OHARRA: partiden jarraipena, zuzenean, Kirolzaleren Twitter eta Instagram kontuetan egin daiteke

Utzi erantzuna