Goñiren  omenezkoa,  luxu  txiki  bat  Zumarraga  eta  inguruko  pilotazaleentzat

2014. urteko Goñren Omenezkoaren finalak, Altuna III.a-Urruzola Artola-Erostaberen aurka aritu ziren, mugarri moduko bat ipini bazuen txapelketaren goi mailako izaera errotzean, esan daiteke txapelketaren antolatzaileek gaur egungo afizionatu munduan batere erraza ez den zerbait lortu dutela, mailari gorenean eustea. Iazko txapelketa da horren adibiderik garbiena, izan ere parte hartu zuten bost pilotarik, Jon Mariezkurrena, Beñat Garmendia, Aranguren, Alberdi eta Oier Etxebarriak profesionaletarako jauzia eman baitute eta gainera, Berriozarreko atzelariak lehen mailako Binakakoan jokatu berri du aurten, maila bikaina erakutsiz.

Eta XXVIII. Goñi Memorialaren helburuak berbera izaten jarraitzen du, Zumarraga eta inguruko pilotazaleei afizionatu mailako pilotaririk onenak bertatik bertara ikusteko aukera eskaintzea. Eta bide horretan, martxoaren 6an hasiko den txapelketaren kartelak lehen mailako osagarriak ditu, pilotazale exijenteenak ere asetzeko modukoak. Azken urteetako eskemari jarraiki, txapelketa bi mailatan jokatuko da, promesena, Lau eta erdiaren barruan, eta eliteena, binaka.

Asteazkenero lehen mailako partidez gozatzeko aukera izango da, Zumarragan egongo irela agindu baitute Salaberria edo Zubizarreta bezalako pilotariek. Belokiko katedrak ederki ezagutzen dituen bi pilotari hauek sekulako joko bolada onean daude. Goizuetakoak erakustaldia eman zuen amaitu berri den Lezamako txapelketan eta ataundarra profesionalekin programatu zuen Baikok aurreko astean bere herrian. Erasun lagun zuela, 8-22 nagusitu ziren Alberdi-Iturriagaren aurka. Baina euren txapelerako bidea ez da inolaz ere erraza izango, Goñiren Omenezkoan DV-n txapeldun izan diren Eneko Labaka edo Julen Egiguren bezalako pilotariak izango baitira, iazko promesen lau eta erdiko txapela jantzita publikoa poltsikoan sartu zuen Julen Alberdi ikusgarria ahaztu gabe.

Zizurkildarrak Iker Mariezkurrena izango du bizkartzain, ezker bikaineko atzelaria. Azken urtean bi eskuekin izandako kalbarioa atzean uzten ari da, ebakuntzak egin zizkioten esku bakoitzean eta haiek gaindituta, bere anaia gaztearen urratsak jarraitu nahian dabil. Iker Elizegi asteasuarra ere Baiko enpresarekin ari da lanean eta bera izan daiteke Bilboko enpresan jauzia ematen duen hurrengo atzelaria. Sarasa, Zezeaga eta Uriondok ere final asko jokatu dituzte azkenaldian eta Balerdi –Pebeteko txapelduna– eta Otaduyk ere ikusmina sortuko dute Belokin, Zumarragarekin dituzten famili harremanak tarteko.

Ohi bezala, jaialdiak arratsaldeko 18.30etan hasiko dira eta jaialdietarako sarrerak debaldekoak izango dira, finaletakoak izan ezik.

Leave a comment