Goñiren  Omenezkoa  Indartsu  hasiko  da

Ezin zuen bestela izan eta gaur hasiko den Goñiren Omenezkoaren txapelketa berriak oso indartsu ekingo dio aurtengoan. Pilota eskolako umeen partiden ostean, Julen Osa eta Ander Murua promesak izango dira, lau eta erdiaren barruan, txapelketari hasiera emango dioten pilotariak, printzipioz behintzat, ederra dirudien neurketarekin. Andoaingo aurrelaria ez da berria Zumarragan, izan ere, iaz finalerdietaraino heldu baitzen txapelketa honetan bertan eta Ruiz de Larramendi indartsuak kanporatu zuen. Gaztelekukoa bi eskuekin pilota erraz mugitzen duen aurrelaria da, baina ezkerrez distira berezi bat du. Ander Muruak, bere aldetik, garapen izugarria izan du azken urtean. Horri esker, Arrasatekoak DV-ko txapela irabazi zuen iaz jaialdi berean, baina eliteekin, arituko de Elizegirekin batera. Murua agian ez da aurrelaririk ikusgarriena, baina gantxoa ondo erabiltzen du eta oso eraginkorra da.

Elite mailako partida ere ez da atzean geratzen, nahiz eta azken orduko arazoengatik Expositok ez duen Zumarragan egoterik izango. Antolakuntzak berme osoko beste pilotari bat ekarriko du bere ordez, Alain Prieto mungiarra eta hortaz, partida horrela geratuko da: Salaberria-Elizegi / Prieto-Uriondo.

Lehenengo bikotea txapela irabazteko faboritoen artean sartzen da printzipioz. Salaberria hazten ikusi dute Belokiko pilotazaleek, baina sekula ez du gaur egun duen mailarik izan. Goizuetako errematatzailea sekulako joko bolada hartu du eta berriki Lezamako txapela eskuratu zuen eta Biharko Izarrak txapelketan ere bikain ari da. Gainera, Iker Elizegiren laguntza bikaina izango du atzean. Atzelari indartsu eta gogorra da Asteasukoa eta bera izan daiteke Baikorekin debuta egiten hurrengoa.

Parean gauzak zail ipiniko dizkien bikote bizkaitar bat izango dute. Alain Prietok bikain erabiltzen du bolea eta badaki pilotari abiadura ematen. Atzean Endika Uriondo izango du lagun, Baikoren orbitan dabilen beste pilotari bat. Motorrean izandako istripu baten ordez, bere garapena apur bat mantsotu bazen ere, gaur egun oso joko maila handia hartu du.

Leave a comment