Goñiren  Omenezko  txapelketa  bueltan  da

Denbora asko pasa da, covid-19ak, Goñiren Omenezkoa bertan behera uztera behartu zuela. Ez nahi bezala, baina gauzak apur bat konpontzen hasita, martxoaren hasieran erdizka utzi zen txapelketari berrekingo zaio berriz irailaren 16an, asteazkena, ohi bezala, arratsaldeko 18.30etan hasita. Hurrengo lau asteazkenetan jaialdiak izango dira Beloki pilotalekuan eta finala ostiral gauez jokatuko da, urriaren 16an.

Pilotalekuan zorrotz bete beharreko segurtasun protokolo bat ezarri da eta bertaratzen diren pilotazaleen laguntza eta ardura beharrezkoa izango da dena arazorik gabe joan dadin. Protokolo horren baitan, sarrera beharko da pilotalekuan sartzeko, 3 eurotan salduko dira eta rifak saltzea ere galerazita dagoenez, sarrerekin batera zozketatuko da ohiko saskia.

Lehen jaialdi honetarako primerako menua dago. Lehen partidarako pilota eskolako haurrak jartzerik ez dagoenez, bertan egoteko agertu duten jarrera eskertu behar zaien Lazkaoko LAPKE klubeko goi mailako kadeteak izango dira lehen partida jokatzearen ardura izango dutenak: Ituarte-Garcia / Zubizarreta-Telleria.

Eta hauen ondoren Goñi Memorialeko final laurdenetako bi partida jokatuko dira. Promesen mailako lau eta erdikoan Senar Oskozen aurka arituko da eta eliteko binakakoan Eneko Labaka-Elizegi eta Murua-Arbizu izango dira finalerdietan leku bat egin nahiko dutenak.

Leave a comment