Goñiren finalerdiak beste jaialdi erakargarri batean erabakiko dira

Goñiren finalerdiak beste jaialdi erakargarri batean erabakiko dira

Goñiren Omenezkoak aste honetan iragango du bere ekuatorea bere XXVIII. ekitaldi honetako finalerdiak erabakita geratuko diren jardunaldi erakargarri batekin. Koadroaren azpiko aldean, Carregalek, lau eta erdian, eta Ioritz Egiguren-Sarasak, euren finalerdietako arerioak nortzuk diren ezagutuko dituzte Alberdi / Agirreamalloa eta Julen Alberdi-Alduntzin/ Zubizarreta-Bikuña neurketetatik irtengo direnak.

Azken orduko hutsuneak Zumarragako txapelketa honetako madarikazio bat bezala konfirmatu dira eta aste honetan Iker Mariezkurrena izango da Belokin egoterik izango ez duen pilotaria. Gauzak horrela, beste nafar bat, Aitor Alduntzin, izan da antolakuntzak aurkitu duen berme osoko ordezkoa. Zugarraldekoa maila honetan zaildutako pilotaria da, Antiguokoa bezalako txapelketa garrantzitsuetan irabaztea lortu duena eta iazko Biharko Izarrakeko finala ere tanto bakarraz galdu zuena. Aurrean Julen Alberdi txikia izango du, Andoaingo klubean hazitako azken talentua eta iaz Belokiko katedra poltsikoratu zuena lau eta erdiko txapela jantzita. Aurten exijentzia maila handiagoa izango du maila nagusian.

Bikote gipuzkoar indartsu bat izango dute parean. Iraitz Zubizarreta ataundarra maila honetako aurrelarietan erreferentzia nagusienetako bat da eta Baikok dagoeneko bi aukera eman dizkio bere herritarren aurrean profesionalekin aritzeko.  Bere atzelaria Iñigo Bikuña donostiarra izango da, zuloak irekitzeko, batez ere eskuinaz,  gai den atzelaria, Aspek jauzia emateko buruan duen izenetako bat.

Promesen mailako lau eta erdikoan, Unai Alberdi azpeitiarrak bere anaia Jonek irekitako bidetik jarraitu nahiko du. Gaur egin Baikon jokatzen ari den aurrelariak 2017Zumarragako finala jokatu zuen eta egun bere taldekidea den Arangurenek kendu zion txapela final lehiatu baten ostean. Bere ezkerra eta lanerako duen frina dira bere dohainik nagusienak. Eta denen beharra izango du oso une gozoan datorren Josu Agirreamalloari aurre egin ahal izateko. Bergarako kaiolako finala jokatu zuen orain gutxi markinarrak, Gutierrez errioxarrak irabazi zion, eta badaki Zumarragako pilotalekuan irabaztea zer den, bertan jantzi baitzuen orain bi urte DV-ko txapela.

Beti bezala, pilota eskolako umeek zabalduko dute jaialdia arratsaldeko 18.30etan. Oraingoan Arrizabalaga-Agredak eta Zabaleta-Manrikek jokatuko dute elkarren aurka.

Utzi erantzuna