Goñi Memoriala pilotazale zorrotzenak asetzera dator

Goñi Memoriala pilotazale zorrotzenak asetzera dator

Enpresa handien nahiek gero eta zailagoa egiten duten arren, Goñi Memorialaren XXIX. edizioak Zumarragako eta inguruko pilotazaleen ahosabai zorrotzak afizionatu onenekin asetzeko eginkizunari ekingo dio asteazken honetan.

Zorigaiztoko istripu bat, 1990eko Xabier Goñi maitatu eta oroituaren heriotza, izan zen txapelketa honi bidea eman zion ziria, eta ordutik aurrera,  egoera eta ezaugarri ezberdinekin – hasierako ostiral gauetako sarrera itzeletatik gaur egun Aste Santuaren aurreko asteazkenetan egin duen leku  sendora – 1992tik etenik gabe jokatu da txapelketa hau. Gaur egun, pilotari profesionala eta Zumarragako pilota eskolako entrenatzailea izan zena gogoratzeaz gain, garaiko afizionaturik onenak Belokira hurbiltzea du eginkizun nagusia.

Eta 2020 honetarako, Belokitik azken urteetako formularen aldeko apustua errepikatuko dute berriz ere, hau da, lau t ‘erdikoaren barruan promesa mailako txapelketa bat eta gaur egungo afizionaturik onenekin binakako eliteen beste lehiaketa bat. Tartean izango dira Iraitz Zubizarreta, maiatzaren 8an Baikorekin debuta egingo duen hurrengo pilotaria, Uriondo, profesionaletarako jauzia gertu izan dezakeen beste pilotari bat, Iker Mariezkurrena, Andoni Gaskue, Buruzgain klubarekin Belokin bertan Nazionalean sekulako maila eskaini duena, Eneko Labaka, Julen Alberdi … eta asteazken arratsaldeetan ikuskizun ederra eskaintzeko moduan izango diren beste hamaika pilotari.

Baina,  29 urte hauetan bere aletxoa ekarri duten guztiengandik ikasteko atzera begiratzeaz gain, etorkizunari baikortasunez begiratzen dion txapelketa da Goñi Memoriala, eta, hortaz, urtero zenbait berrikuntza sartzen saiatzen da. Aurten lehiaketako kamiseta berriak estreinatuko dituzte, kolorearen araberako publizitate ezberdinak eramango dituztenak. Gorriek Zumarragako Mendizabal Abokatua eramango dute bular aldean eta Pujol bizkarrean; urdinetan, berriz, alderantziz izango da, hau da, Pujol aurrealdean eta Zumarragako Mendizabal abokatua atzean.

Eta esan dugun bezala, Kirolzalek, txapelketa kudeatzen urte batzuk daramatzan enpresak, ez ditu ahazten ekarpen hori egin duten pertsona ezberdinak. Gauzak horrela,  Asier Intxausti Zabalo, Ander Gabirondo De la Hera, Igor Susaeta Estala, Mikel Rodríguez Aldama, Mikel Zabalo Azurmendi, Josu Viana Mugika eta Iñigo Viana Mugicak duela hamar urtetik ona egindako lan onaren onarpena egin zien, eurek aurkeztu zituzten kamiseta berrien ale bana oparituz.

Osagaiak lehen mailakoak dira, ez da mimorik falta izan txapelketa prestatzeko orduan, eta epaileak asteazkenean txapa jaurtitzea besterik ez da falta, menu bikainaz gozatzeko. Beti bezala, pilota eskolako gazteen partida batekin hasiko dira jaialdiak, asteazkenero 18: 30ean eta sarrera doakoa izango da txapelketa osoan zehar, finalean izan ezik.

Utzi erantzuna