Faborito  argirik  ez  Goñiren  Omenezkoaren  finalak  osatzeko

Ez da erraza izaten ari, baina asterik aste Beloki pilotalekuan biltzen ari diren pilotazale ugarien laguntza itzelarekin, Goñiren Omenezkoa ari da bere bidea egiten eta aste honetako jaialdiarekin hurrengo ostiralean, urriak 16, jokatuko diren final handiak erabakita geratuko dira. Momentuz, Ruiz de Larramendi  eta Mata-Gaskuek gordeta dute leku bat eta hauen aurka aritzeko finalerdi ikusgarriak, faborito argirik gabekoak, espero dira asteazken honetarako Oskoz/Aitor Altuna promesen mailan eta Eneko Labaka-Sarasa / Elola-Aldave eliteen binakakoan. Horien aurretik, Txapelketa Herrikoieko finalerdiak jokatuko dituzte Aleman-Baez eta Urzelai-Babarrok.

Orain arte emandako maila errepikatzeko gai badira, polita espero da eliteen mailako partida. Atzean ez da alde handirik ikusten Sarasa eta Aldaveren artean, bereziki Eltzaburuko atzelaria nahiko gorabehera izaten ari delako azken aldian. Final laurdenetan lanak izan zituzten Murua-Arbizu kanporatzeko, baina azkenerako Eneko Labakaren ofizioak eta kalitateak eman zieten finalerdietarako txartela. Hori izan daiteke bikote gorriaren abantailetako bat, albizturreko aurrelariak oraindik ere alde handiak egin ohi dituelako maila honetan. Hala ere, egun ona duenean, Bidaniko Elola edonori irabazteko gai da eta azken asteetan oso maila altuan jokatzen ari da. Hala egin zuen Beloki pilotalekuan Exposito-Altuzarra kanporatzeko (14-22). Badirudi, beraz, finalerako txartelak garesti ordaindu beharko dituela irabazi nahi duenak.

Promesen mailako kaiolakoan ere ez dago erraza finalera nor helduko den asmatzea. Javi Oskoz eta Aitor Altunak lau eta erdikoan jokatzeko dohain handiak erakutsi dituzte eta. Bi pilotari tekniko eta ikusteko politak dira eta final laurdenetan hala erakutsi zuten, hurrenez hurren, Beñat Senar eta Sergio Gutierrez kanporatuta. Nafarrak agian defentsa hobea du eta tolosarra, aldiz, errematean erasokorrago aritzen da, bakoitza partida bere aldera eramaten saiatuko da eta komeni zaion erritmoa jartzen lortzen duenak, asko izango du irabazia.

Leave a comment