Exposito-Bikuñak eta Carregalek osatuko dituzte Goñiren Omenezkoaren finalak

Exposito-Bikuñak eta Carregalek osatuko dituzte Goñiren Omenezkoaren finalak

Goñi Memorialak ezagutzen ditu dagoeneko datorren asteazkenean jokatuko diren Goñiren Omenezkoaren finalista guztien izenak, Exposito-Bikuña eta Carregalek trabatutako bi partidetan lortutako garaipenean ostean. Salaberria-Elizegi elite promesetan eta Larrazabal, promesen mailako kaiolan, izango dira euren aurkariak, berez oso ikusgarriak diruditen partidetan.

Harmailetan sei pilotari profesional begira zituztela, Belokin agertu ziren Irribarria, Alberdi, Erasun, Erostarbe, Garmendia eta Urretabizkaia, Exposito-Bikuñak 15-22 irabazi zieten Ioritz Egiguren-Sarasari distira baino lan gehiagoko partida batean. Exposito, berez, Uriondorekin jokatzekoa zen lehen jardunaldian, baina eskuko min baten erruz uko egin behar izan zion jokatzeari eta Zubizarretaren hutsunea baliatzeko gogoz etorri zen Zumarragara. Partida hasiera bikaina izan zuen Astigarragakoak, gantxo politak sartu zituen eta urdinak 2-7 aurreratu ziren. Bikuñak zuloak ireki zituen bere eskuinarekin eta Exposito ondo baliatu zituen errematearekin asmatuz, baina final laurdenetan gertatu bezala, Ioritz Egigurenek partidaren zama bere gainera bota zuen eta bere sake bortitzak partidari buelta emateko aukera eman zion. 11-10 aurreratu ziren gorriak eta horietatik 6 sake lortu zituen tolosarrak lehen pilotakadarekin. Lehia trakestu egin zen hortik aurrera, tantoak alde batera zein bestera erori ziren, jokaldi politen batekin, baina huts gehitxorekin. 15-16koaren ondotik, Ioritz Egigurenek arriskatu beharra ikusi zuen baina lau kale egin zituen jarraian eta erantzunik gabeko azken sake batek garaipena eman zien, merezimendu osoz, urdinei.

Promesen mailako kaiolakoan, Carregalek lortu zuen finalerako txartela aukeran huts gehitxo batu zituen Unai Alberdi garaituta (22-18). Bizkaitarra fisikoki indartsuagoa izangatik, azpeitiarrak une jakinetan botatako pilotak, hauetariko asko errazak, izan ziren garaipenetik urrundu zutenak. Bizkaitarrak hasieratik hartu zuen partidaren kontrola, 1-5 aurreratu zen bi eskuekin pilotari aurkariak baino abiadura bat gehiago sartuz. Hala ere, Alberdik erakutsia zuen aurretik ez dela besoak jaisten dituen horietako bat eta partidari eutsi zion bere dohain teknikoei esker. Sakea, bi pilotariek egin zuten faltaren bat, izan zen Alberdiren beste argudio bat esperantza mantentzeko, baina sekula ez zen bere  aurkaria harrapatzeko gai. Izan ere, Carregalek Larrazabali finalean arazotan jartzeko moduko pilotaria dela berretsi zuen.

Jaialdia uste baino gehiago luzatu zen, Txapelketa Herrikoieko partida ikaragarri piloteatua izan zelako. Azkenean, kontra zuten partidari buelta emanda, Urretabizkaia-Pueyok 18-15 irabazi zieten Aleman-Baezi eta Cruz-Oliveiraren aurka jokatuko dute finala.

Utzi erantzuna