Erabat errotutako Goñiren Omenezkoaren finalak

Erabat errotutako Goñiren Omenezkoaren finalak

Aisialdirako aukerak biderkatu diren gizarte honetan, ez dago inguruko pilotazaleek txapelketari azken sei asteetan eman dioten erantzun bikaina baino froga argiagorik Goñiren Omenezkoa afizionatu mailan erabat errotua dagoen lehiaketa bat dela berresteko. Eta XXXVIII. ekitaldia asteazken honetan amaituko da azken sei asteetan Beloki pilotalekuan aritu diren pilotaririk onenekin.

Eliteen binakako finalean ez dago zalantzarik bi bikoterik onenak sailkatu direla; Salaberia-Elizegi eta Exposito-Bikuña, nahiz eta Astigarragako aurrelaria finalerdietan sartu zen txapelketara, Zubizarretaren ordez. Izenez, gaur egun afizionatu mailan programatu daitekeen partidarik erakargarrienetako bat izango da Zumarragakoa, bi enpresa profesional handien ateak jo dituzten bi atzelarirekin –Elizegik Baikorekin entrenatzen du eta Bikuñak Asperekin– eta ikusleentzat oso gustagarriak diren bi aurrelarirekin. Salaberriak, gainera, harreman berezia dauka txapelketa honekin eta bere hirugarren txapela nahi du; 2016an lau eta erdikoan eta urte bat geroago Gorrotxategirekin lortu zuen Binakakoaren ondoren.

Ez da atzean geratzen Larrazabelek eta Carregalek lau eta erdiko promesen mailan jokatuko dutena. Amurrioko aurrelaria izango da ziurrenik bi mailak kontuan hartuta gehien nabarmendu den pilotaria. Iaz Julen Alberdiren artista senak denak arritu gintuen bitartean, arabarra aurten bere aurkari guztien gainetik pasa da bere bolea eta eskuin bortitzaz, baina kantxan lekua sekula galdu gabe eta une oro zer egin behar duen ondo jakinaz. Carregal bizkaitarrak, bere aldetik, ibilbide makurragoa izan du koadroaren azpikaldetik, partida estuagoak izan dira bereak, baina oso lehiakor aritu da partida guztietan, kaiolari neurriak oso ondo hartu dizkiola erakutsiz. 2018an bekainean jasotako pilotakada bortitz batek bere jokoaz gozatzeko aukerarik gabe utzi gintuen baina aurten detaile onak utzi ditu eta finalean arabarren esperantza nagusia den pilotariari gauzak zail jartzeko moduan izango da.

Jaialdia, ohi bezala, arratsaldeko 18.30etan hasiko da VI. Txapelketa Herrikoieko finalarekin. Aurten 17 bikote lehiatu dira eta finalera Oliveira-Cruz eta Urretabizkaia-Pueyo sailkatu dira, lehiaketa honetako txapela guztiak banatu dituzten bikoteak.

Aipatu beharra dago aurten finaletarako sarrerak 5€tan salduko direla. Txartelak eskuragarri daude Zumarragako Txoko, Haizea eta Galilea eta Urretxuko Buhame, Krak eta Fox tabernetan eta Kirolzaleren 687639551 telefono zenbakian.

Utzi erantzuna