Eneko Labakaren ofizioak Murua-Arbizuren grina geldiarazi du

Eneko Labakaren ofizioak Murua-Arbizuren grina geldiarazi du

Pilota bueltan da Beloki frontoian kontrastez beteriko jaialdi batekin. Goñiren Omenezkoaren buelta honetan, beste ezeren gainetik, segurtasun neurri guztiak zintzo bete dituen pilotazale multzo politaren jarrera nabarmendu beharko litzateke. Kirol mailan, Jabi Oskozek eta Eneko Labaka-Sarasak lortu dituzte finalerdietarako txartelak bi partida lehiaturen ostean.

Inor ez omen da ikasia jaiotzen eta halako hamaika partida jokatutakoa den Eneko Labakaren esperientzia eta ofizioa nahikoa izan zaio albizturdarrari, Sarasa irregular baten laguntzarekin, gauzak zail jarri dizkioten Murua eta Arbizuren grinari eusteko (22-18). Atzelari ortodoxo xamarra, oraindik ikasteko gauza asko dituena, baina Etxarri Aranatzeko atzelariak partida polita jokatu du Zumarragan, eskuin esku horretan nerbio handia dagoela erakutsiz, nahiz eta ez oso pilotari handia izan. Pilotakada luzeak jo ditu, botiboleaz defentsa ona erakutsi du eta bere egunik onena izan duen Sarasa bat baino gehiago izan da.

Eneko Labaka berari ere kosta egin zaio partidan sartzea, baina ia partida guztian markagailuan aurretik joan ostean, partidako tantorik beroenetan atera ditu bere armarik arriskutsuenak, esaterako, markagailua 18-17 zela gurutzatutako gantxoa. Muruak postura politak erakutsi ditu, baina bikoteak behar baino protagonismo txikiagoa izan du eta ez dute garaipena eskuratzerik izan.

Lau eta erdiko jubenilen estilo arteko talkan, Javi Oskoz nafarraren zehaztasunak eta defentsa handiak garaipena eman dio (17-22), uneren batean bere sakearen abiadurari esker, aurretik eramango zuela ematen zuen Beñat Senarren aurrean. Ataundarrak zazpi tanto ere egin ditu lehendabiziko pilotakadarekin, baina ez da nahikoa izan Lantzekoaren bi esku dotoreen aurrean. Goñiren Omenezkoaren itzulera honetako itzulerako lehen partida hau takadaka jokatutakoa izan da, pilotari bakoitzak bere materialarekin min handia egin duelarik, baina azkenerako Oskozen baliabide ugariek garaipena eman diote goierritarraren indarraren aurrean. Partzial handi banarekin, lehia berdindua joan da 9-10era arte. Hortik aurrea, Oskozenk partida hautsi zuela ematen zuen, 9-19 aurreratu baita, aurkaria frontoian alderik alde mugituz eta berak ere sakearekin mina egin zezakeela erakutsiz. Ataundarrak, ordea, ez zuen azken hitza esanda eta partidan sartu da berriro, pilota gogor joz 17-21era gerturatuz. Hala ere, ez da nahikoa izan partidari buelta emateko.

Goñiren Omenezkoaren etapa berriari hasiera eman dion lehen partidan, Zubizarreta-Telleriak
18-7 irabazi diete Ituarte-Garciari.

Utzi erantzuna