Eneko  Labakak  ez  du  Goñiren  txapela  jantzi  gabe  geratu  nahi

Gutxi dira Eneko Labakak jantzi ez dituen afizionatu mailako txapelak, Zumarragakoa da horietako bat eta Albizturrekoak ez du gabe geratzeko asmorik. Hala erakutsi du behintzat, huts bakarra egin duen Sarasa on batek lagunduta, Elola-Aldaberi 22-13 irabazi eta finalerako sailkatuta. Hiru ordutik gorako jaialdi luze batean, Oskoz nafarrak ere lortu du urriaren 16rako txartela Aitor Altunari 22-19 gailenduta eta oso maldan gora zuten partidari buelta emanda, Urzelai-Babarro dira Txapelketa Herrikoiko bigarren finalistak Aleman-Baezi 16-18 nagusituta. Aurtengo azken asteazkenean ere, pilotazaleek bikain erantzun dute beste behin eta giro polita izan da Beloki pilotalekuan.

Eliteen mailako binakako finalerdian, Eneko Labakak maila honetan erreferentzi nagusietako bat dela berretsi du. Elola joko bolada izugarrian heldu da Zumarragara, eta gaurko partida ere bikain hasi du, pilotari abiadura handia eman eta erasoan ondo asmatuz (0-4). Hala ere, Eneko Labakak partida bikain irakurtzen jakin du, bidaniarraren hasiera esplosiboari eutsi eta, pixkanaka-pixkanaka partida bere aldera eramanaz. Indar gutxiagorekin izan arren, tantoa amaitzerakoan bikain aritu da eta azkar orekatu dute partida (4-4), ez hori bakarrik, bi tantoz ere aurreratu dira eta. Bi atzelarietako bakarra ere ez da erabat nagusitu piloteoan, partida aurrean zegoen  eta hor Eneko Labaka askoz erabakigarriagoa izan da, gehiago asmatu eta, batez ere, askoz huts gutxiago pilatu ditu eta. Azkenerako, urdinek 11 pilota galdu eta sakez huts bat egin dute, –Elolak txokotik egin duen saiakera batean– 7 aurrelariak eta 4 atzelariak eta hor egon da partidaren giltza nagusia, aurkariek lau opari baino ez dituzte egin eta. Zazpinako berdinketara arte lehia orekatua izan bada, hortik aurrera gorriak erraz antzean nagusitu dira eta merezitako  finalerako txartela eskuratu dute (22-13).Mata-Gaskue izango dira euren arerioak maila handiko final batean.

Promesen mailako lau eta erdikoan, Javi Oskoz izango da Ruiz de Larramendiren arerioa finalean, azkenerako asko luzatu den partida batean Aitor Altunari 22-19 irabazita. Defentsa oso on bat ez ezik, erasoan oso ondo moldatzen den aurrelaria dela erakutsi du Lantzekoak, sake errematean asmatuz, hasier-hasieratik hartu du partidaren aginte makila (6-1). Kosta egin zaio Altunari sakea eskuratzea eta lortu duenean ere ezin izan dio etekinik atera, egindako lehenengoa falta egin baitu. Oberenako pilotariak oso partida serioa egin du eta gauzak oso eginda, finalerako txartela poltsikoan zuela zirudien 20-11 aurreratu denean, baina azkenerako latz sufritu behar izan du partida aurrera ateratzeko. Izan ere, orotara 3 falta egin dituen arren, Aurrera-Tolosako aurrelariak min izugarria egin dio sakearekin, pilota oso bizi jota azkenerako bederatzi tanto lortu ditu lehen pilotakadarekin eta 20-19 gerturatu zaio. Hor, ordea, errestoan aurrera eginda asmatu egin du Oskozek eta piloteo bizi baten ostean txapara bidali du pilota Altunak eta hor amaitu zaizkio esperantzak.

Leave a comment