Duela  50  urte  lehen  Herriartekoa  irabazi  zuen  Zumarragako  taldea  omenduko  dute  Goñiren  Omenezkoaren  finaletan

Larunbatean, urriak 10, beteko dira 50 urte Zumarragak bere lehen esku pilotako Gipuzkoako Herriartekoa irabazi zuela eta hori aprobetxatuta, omenaldia egingo zaie datorren ostiralean talde hura osatu zutenei, Goñiren Omenezkoaren finalak ospatzearekin batera.

Elgoibar, Azpeitia eta Tolosa gainditu ostean, Segurako talde handia egokitu zitzaien zumarragarrei finalean eta, faborito ez baziren ere, 3-0 nagusitu ziren Bergaran jokatutako finalean. Zumarragak irabazitako lehen txapelketa hartan, hurrengo urtean ere txapela jantzi zuten Zestoaren aurka finalean irabazita, Lazaro Ormazabal eta Jon Gartziandiak jokatu zuten haurren mailan, gazte mailan Agustin Erostarbek eta Jose Mari Sudupek eta  Jose Luis Idiakezek eta Pedro Gordok senior mailan.

Pilotariez gain, ezin ahaztu talde horretan entrenatzaile edo arduradun gisa ibilitakoak eta Daniel Apaolaza eta Alejandro Albisuak ere izango dute euren omenalditxoa. Zoritxarrez, talde txapeldun horretako kide guztiak ez daude gure artean eta Lazaro Ormazabal eta Alejandro Albisuaren etxekoren bat izango ditugu egun hura gogoan izateko. Izan zirelako gara, garelako izango dira!

Sarrerak salgai
Goñiren Omenezkoaren finalak urriak 16an, ostiralez, jokatuko dira, gaueko 21.30etan hasita eta pilotalekuan egon ahal izateko sarrerak gaurtik aurrera salgai daude 685778617 telefonoan, 8 eurotan. Osasun pandemiak behartuta, edukierak mugatua izaten jarraituko du eta erosketak azken unerako ez utzea gomendatzen da.

Leave a comment