Bide  zail  baina  eder  bati  merezi  duen  amaiera  emateko  moduko  finalak  eta  jaialdia
Ez da erraza izan, une askotan amore eman behar izango zutela ere pentsatu izan dute antolatzaileek, baina pilotari, pilotazale, epaile eta Beloki forntoira gerturatu diren guztien jarrera eredugarriari esker, Goñiren Omenezkoaren XXIX. edizioak behar eta merezi bezalako finalak izango ditu ostiral honetan gaueko 21.30etatik aurrera. Jaialdia oso konpletoa izango da, hiru pilota partidaz gain, 1970. urtean Gipuzkoako Herriartekoa irabazi zuen taldeari (Lazaro Ormazabal, Jon Gartziandia, Agustin Erostarbe, Jose Mari Sudupe,  Jose Luis Idiakez eta Pedro Gordo pilotariak eta Daniel Apaolaza eta Alejandro Albisua arduradunak) omenaldia egin baitzaie, euren garaipenaren 50. urteurrenean.Beloki pilotalekuko takila 20.30etan irekiko da.

Kirol alorrari erreparatuta, jaialdia Txapelketa Herrikoieko finalarekin hasiko da. Bertan, Oliveira-Cruz, azken urteetako txapeldunek euren nagusitasunari eutsi nahi izango diote Urzelai-Babarro gazteen aurka.

Goñiren Omenezkoari dagokionean, promesen mailako lau eta erdikoa, bi estilo desberdinen arteko talka izango da. Ruiz de Larramendi lazkaotarra pilotari abiadura handia ematen dion pilotari horietako bat da. Azken unean, Hormaetxeren aurka sartu zen Ruiz de Larramendi txapelketan eta jokatutako bi partidetan kolpez oso fresko dagoela erakutsi du Olaetxea eta Unai Alberdiren aurka.  Bi kanporaketa hauek aurrera atera ahal izateko oso lan ona egin behar izan du eta finalean ere ez ditu gauzak batere errazak izango Javi Oskoz nafarraren aurka. Lantzekoa beste era batetako pilotaria da, defentsa izugarria duena, baina bere dohain tekniko handiei esker, tantoak amaitzeko ere gaitasun izugarria duena. Finalerdietan Aitor Altunaren sakeak min handia egin zion eta txapela janzteko errestoan gehiago asmatu beharko du, hori baita Ruiz de Larramendiren armarik eraginkorrenetako bat.

Eta zer esan elite mailako finalaren inguruan? Ba, ezbairik gabe, gaur egun afizionatuetan ikus daitekeen partidarik erakargarrienetako bat dela; Mata-Gaskue Eneko Labaka-Sarasaren aurka. Bikote nafarrak lehen egunetik argi, oso argi, utzi zuen txapela janzteko faborito nagusienetako bat zirela Julen Alberdi eta Iker Mariezkurrenari erraz irabazita. Finalerdietan beste bikote handi bati, Azketa-Aitor Elizegiri ere ondo riabazi zieten, Larraintzarreko atzelariaren erakustaldiarekin. Buruzgain klubeko atzelaria koadro luzeetako erreferentzia nagusietako bat da oraintxe eta Unai Matak ere badaki tantoa ondo amaitzen.
Parean, Zumarragako txapela janztea buruan ondo sartuta duen Eneko Labaka eta Sarasa izango dituzte. Albizturreko aurrelariak era guztietako garaipenak eskuratu ditu bere ibilbidean, baina Goñirena falta eta aurten izan dezake aukera paregabea. Jokoarekin dago Aurrera Tolosako aurrelaria eta argi utzi zuen hori aurreko asteazkeneko finalerdian, tantoa amitzen artista da eta ofizioa ondo ikasita dauka. Atzean Joseba Sarasa izango du Labakak, Eltzaburukoak aurreko asteko maila errepikatzerik badu, oso seguru aritu zen, txapeletik gertu egoteko moduan dira, maila oso oneko bikotea osatzen baitute. Sarasak Gaskueri eustea lortzen badu, asko izango dute irabazia.

Leave a comment