Aitor Altunak eta Elola-Aldavek osatuko dituzte Goñiren Omenezko Txapelketako finalerdiak

Aitor Altunak eta Elola-Aldavek osatuko dituzte Goñiren Omenezko Txapelketako finalerdiak

Aitor Altunak eta Elola-Aldavek osatuko dute datorren asteazkenean martxan jarriko den Goñi Memorialaren finalerdietako kodroa. Pilotazaleek oso ondo erantzun dute berriro, 101 sarrera saldu dira, eta segurtasun protokoloa errespetatuz, zumarragar txapelketa fase erabakigarrian sartu da, argi eta itzalen jaialdi baten ostean.

Eliteetan, Elola-Aldavek euren partida hasiera meteorikoa aprobetxatu dute, 0-12 aurreratu dira, 11-22 gailendu dira Exposito-Altuzarraren aurka, eta Eneko Labaka-Sarasaren aurkariak izango dira 15 egun barru. Bidaniako aurrelariak joko bolada onean dagoela berretsi du, pilota azkar ateratzen zaio eskuinetik eta, Aldave sendo batekin batera, zulo handia ireki dute aurkariak konturatzerako. Parean, Hodei Expositok ez du bere egunik onena izan eta uste baino lan gutxiago eman diete aurkariei. Astigarragako aurrelaria ez da eroso egon Elolaren aurka eta atzean Aldavek Altuzarra gainditu du, nahiz eta errioxarrak gauza politak erakutsi dituen,5-14ekoan jotako bolea ikusgarria esaterako. Pixkanaka Exposito bere ohiko mailara hurbildu da eta gorriak partidan sartu dira, baina Astigarrako aurrelariak ez du behar bezalako jarraikortasunik izan bere jokoan, amiaerarako 9 akats pauntatu dizkiogu eta horrela ezinezkoa da Elola-Aldaveren sendotasuna duen bikote bati partida iraultzea.

Jubenilen mailako lau eta erdikoan, Aitor Altuna izango da finalerdietan Oskozen aurkaria, Sergio Guitierrezi 15-22 irabazi ostean. Kaiolako bi espezialista on izanda, partida bikaina espero zen, baina lehia ez da osoa izan, huts gehitxo ikusi ditugu eta azkenean tolosarrak tantoa amaitzerakoan baliabide askoz gehiago erakutsita lortu du hurrengo faserako txartela.
Partida orekatua hasi da, baina gehienbat bi aurrelariek hutsak banatu dituztelako, tartean saketik egindako zenbait falta. Joko estilo oso desberdineko bi pilotari izan dira elkarren aurka, errioxarra askoz klasikoagoa, dena botera jokatuz, eta erasokorragoa, errematea askoz gehiago bilatuz gipuzkoarra. Hamarnako berdinketaren ostean, aldiz, azkenerako hiru falta ere egin dituen arren, Aitor Altunak min handia egin dio sakez Gutierrezi, zuzenean ez bazen –denera 6 tanto egin ditu lehen pilotakadarekin–, sake-errematean tantoak eginez  eta partida bere aldera eraman du 1-7ko partzial batekin. Erreakzio txiki bat izan du Logroñoko aurrelariak baina ez da Altunaren garaipena kolokan jartzeko gai izan.

Jaialdia ireki duen partidan Iraeta eta, bereziki, Tolosa kadeteek oso itxura polita eman dute, Dorronsoro-Plazaolari 18-10 irabazita.

Utzi erantzuna